ADIERAZPENAK

 ADIERAZPENAK 2021-05-30

HAURRAK SOS

400 familak argi eta garbi esan genuen, HAURRAK SOS. HaurrakereBai Familien Saretik, kezka handiarekin bizi dugu gure haur eta nerabeek osasun krisialdiari aurre egiteko erabakien ondorioz jasan duten egoera. Besteak beste, Konfinamendu zurrunena pairatu zuten, “superkutsakor” eta arriskutsu gisa estigmatizatuak izan ziren eta inoizko estenatoki latzena bizi izan dute egunero, hainbat orduz, eskola asko eta askok hartu duten itxura militarra dela eta. 

Zuhurrak gara, eta arduratsuak. Gure haurren osasunak kezkatzen gaitu, eta horregaitik, hartzen diren neurriak orekatuak izan behar direla uste dugu. Argi dugu Haurrak, eskubide osoko herritarrak dirala, subjetu politiko aktiboak. Beharrizan konkretuak dituzte, haien garapen optimo baterako zaindu behar ditugunak eta hemen berdintasuna eta ekitatea kontzeptuak desberdindu behar genituzke. Ezin ditugu helduongan ezarri diren neurriak, haurrengan modu berdinean ezarri, eskubideetan berdinak garen arren, garapenarekin lotutako beharrizan desberdinak ditugulako eta horregaitik, modu ekitatiboan ezarri behar lirateke. 

Hartzen diren erabakiekiko desadostasuna dugunean modu konstruktiboan erantzuten saiatzen gara, egiteko eta ekiteko beste modu posible batzuk eskainiz eta proposatuz. Gogoan izatea nahi dugu, dagokion prozedura administratiboren bitartez, ikasturtea antolatzeko proposamen dokumentuak Eusko Jaurlaritzan eta Nafarroako Gobernuan ere, entregatu ditugula eta bilerak birritan eskatu ditugula, hezkuntza komunitatearen parte garen neurrian,  gure argudioak eta proposamenak aurrez-aurreko harreman batean eztabaidatzeko eta kolaboratzeko asmoz eta hartzen ari diren erabakiak zein datu eta ikerketetan oinarritzen diren jakin asmoz. Salatu nahi dugu, ez dugula inolako erantzunik jaso bueltan. Puntu honetara helduta, aurreratu nahi dizuegu, laster batean gure hezkuntza proposamena plazaratuko dugula, adi egon.

Hezkuntza bermatu nahi dugu eta argi daukagu aurtengo panoramak ez duela laguntzen gure haurren heziketan eta hazkuntzan, eta ez gaude prest estenatoki berdina onartzeko. Hezkuntza komunitatearen parte garen heinean, hausnaketa sakona egin behar genuke orohar, partxeak jarri eta aurrera egin ordez, bizi dugun garaia, gaur eguneko Hezkuntza Sistema errotik eraldatzeko aukera gisa hartuz. 

Luze eta sakon hitz egin dezakegu baina gure energia bi puntutan jarri dugu. 

  • 12 urte arteko haurrek musukoa derrigorrez erabili beharrik ez izatea eskatzen dugu. Eskaera hau egiteko honako arrazoiak ditugu. Zenbait ikerketen arabera,  Bartzelonako Vall d´Hebroneko hospitalekoa adibidez, 2020ko azaroaren 27an publikatua, edota 2020ko irailaren 28ko dataz EITBn bertan Osakidetzako eta Osasunbideako  pediatren hitzetan, haurren kutsakortasuna oso baxua dela egiaztatzen  da eta gaixotasuna sintomatologia arinekin pasatzen dutela baieztatzen dute. Begirada zabalduz, europako 15 herrialdetan kontu hau nola kudeatu duten behatu ondoren, egindako behaketek argi eta garbi ondorioztatzen dute kontsultatutako herrialde gehienetan joera, bide publikoan derrigorrezko maskararik ez erabiltzea dela haurrentzat, (bai helduentzat ere). Gainera, eskola-ingurunean maskaren beharrezko erabilera  12 urtetik aurrera aurreikusten da gehienbat, eta ez 6 urtetik aurrera, OMEk horri buruz emandako gomendioekin bat etorriz, eta baita hezkuntzan eta osasunean erreferentzia diren Europako herrialde askotako pediatria-esanguratsu gehienekin bat etorriz ere. Gaineratu nahi dugu, ez dugula maskaren eraginaren ebidentzia zientifikorik, ez positiborik ez negatiborik, adingabeengan birusaren transmisioa murrizteko neurri gisa. 18 urtetik beherakoen eraginkortasunari eta segurtasunari buruzko azterlanik ez dago.
  • Gaur egungo eskola protokoloa kentzea eta hartu beharreko neurriak haurren osasuna modu integralean zaindu dezatela, gure saretik sortutako ikasturtea antolatzeko proposamen eguneratua alternatiba gisa eskainizGure ustez, gure gizarteak egoera honetan duen erronka, batez ere, elkarrekin bizitzeko gaitasuna berreskuratzea da, beldurrik gabe eta bestearen aurkako etengabeko epaiketan erori gabe. AURTENGO IKASTURTEKO PROTOKOLOEK ERRONKA HORI ZAPUZTEN DUTE. Azpimarratu nahi genuke pertsona ororen garapenaren eta osasun integralaren aurka doala, beldurrarekin eta beldurrean hezi, zaindu eta laguntzea. Errespetuan, lankidetzan eta elkartasunean oinarritutako hezkuntzan sinesten dugu. HaurrakErebaitik ez dugu gizarte-urruntzean eta zatiketan oinarritutako hezkuntzarik onartzen ez inolako testuinguru ezta aitzakirekipean ere. Haurren tratamendu hori haurren oinarrizko eskubide, garapen eta beharren aurkako atentatu argia da, eta, ondorioz, egungo gizartearen aurkako erasoa. Pandemia hasi zenetik denbora luzea igaro ondoren, premiazkoa da haurrei laguntzeko modua bilatzea, tratu ona, errespetua eta haien bizi-premiak aintzat hartuta, etorkizunean benetan osasuntsua eta errespetuzkoa izango den gizarte baterantz joateko.

Gure familien sarean, oso anitzak gara pentsaeraz, sinesmen edo bizimoduan eta hori da gure aberastasuna. Haur eta familia guztiak kontuan hartzen saiatzen gara. Publikatzen dugun ororen komunikazioa, sentsibilitate desberdinekin errespetutsua izaten saiatuz. Familia hauetan bagara hezkuntza profesionalak, eta sanitarioak baita. Pandemia hau modu desberdinean bizi eta ulertzen dugunak. Baina badaude gauzak amankomunean ditugunak: Haurtzaroaren ongizatearen alde lan egin nahi dugula, begirada zabala, zentzu kritikoa eta kontzientzia kolektiboa. Begirada zabala, gure zilborraz haratago begiratzeko, zentzu kritikoa, informazioa bilatu, kudeatu, kontrastatu eta hausnartzeko eta kontzientzia kolektiboa, norbere etxeko arazoa ez den arren, beste familietan/haurrengan sufrimendua eragiten ari den horrengatik ere, lan egiteko. 

Bukatzeko esan nahi dugu, gure seme-alabak ez direla heroiak . Haurrak dira, utz ditzagun haurrak pakean. HAURRAK SOS.