ESKOLARATZE GIZATIARRAGOA

HaurrakEreBaitik, koronabirus garai honetan ikasturteari hasiera emateko proposamen bat plazaratu genuen, abuztuaren 30ean, haurren osasuna modu integralean bermatua izan dadin. 

Eskolara itzulera ordea, oso bestelako irizpideek antolatu dute, ikastetxe askotan diseinatu diren kontingentzia planak itxura militarra hartu dutelarik, osasun fisikoa zaintzearen izenean. 

Eusko Jaurlaritzak eskolei ezarri dien protokoloa aldatu dadin eskatzeko lanean dihardugu baina, BITARTEAN ZER EGIN DEZAKEGU HEZKUNTZA KOMUNITATETIK, GURE SEME ALABEN ESKOLETAN PROTOKOLOA MODU GIZATIARRAGO BATEAN APLIKATZEKO?

  • HARRERA EMOZIONALA: Haur eta nerabeak emozionalki lagunduak izateko beharra ezinbestekotzat jotzen dugu, izan ere, etapa hauetan ezartzen bait dira helduaroan osasun integral ezin hobe bat izateko oinarriak. Ezinbestekoa sentitzen dugu ikastetxe barruan zaintza eta babesa kalitatezkoa eta gertukoa izatea, ikaslegoa gertutasunez, afektuz, begiradaz eta entzuteaz laguntzea. Aintzakotzat hartuko dugu, besteekin harremana  izatean garatzen garela persona gisa.
    • Ikasleekin osasun krisialdi honetan bizitakoaz hitz egiteko aukera eskaintzea, kezkak eta beldurrak plazaratzeako modu antolatu eta sistematiko batean eta ez tarte batean edo momentu batean egiteko. Horretarako eskoletan  jasotzen dituzten formakuntza saioak erabili daitezke irakasleei tresna egokiak eskaintzeko. 
    • Haurrek jarrera “disidente”ren bat dutenean, dela maskarila jaistea edo burbuila taldekoa ez den lagunen batean hurbiltzea, irakasleak jarrera hori bideratzeko duen moduan kontua izatea eskatu, ulerkortasunetik hitz egitea onetsiz eta beldurrean oinarritutako jarrera edo mezuak ekidituz. 

 

  • KANPO ESPAZIOEN ERABILERA GEHITZEA: Ikastetxeei kanpo espazioen erabilera gehitzea eskatu, ahal den neurrian, natura hezkuntzarako gune gehigarri gisa eskainiz. Hona hemen argudio batzuk. 
    • Munduko Osasun Erakundeak klaseak aire zabalean ematea gomendatzen du. 
    • Aire librean, COVID-19 birusaren kutsatzeko arriskua baxuagoa da (baita beste birus askorena ere). 
    • Aurrekoarekin loturik, espazio itxietan hitz egiteak, 8-14 minutuz uzten ditu COVID-19aren arrastoak airean (Stadnytskyi et al., 2020). Txinan egindako ikerketa baten arabera, aztertutako 7.300 positiboetatik soilik 1 kutsatu zen aire librean, beste guztiak espazio itxietan kutsatu ziren (Qian et al., 2020). 
    • Save The Children-en arabera, aire librean jolasteko ezintasunak, epe luzean itxita egoteak eragindako estresak, asperdurak eta distantziamendu sozialak antsietatea eta depresioa eragiten dute haurrengan (Save the Children). Antzeko emaitzetara iritsi dira EHUko bi ikerketa ere (OPIK, Ozamiz-Etxebarria et al., 2020) 
    • EDNA elkarteak (Asociación Nacional de Educación en la Naturaleza de España), COVID-19aren krisia gainditzeko tresna gisa Naturan Heztearen aldeko manifestu bat sortu du eta jada 2000 pertsonak baino gehiagok sinatu dute (EDNA).

 

  • MASKARILEN ERABILERA: LH1-etik aurrera dauden haur eta nerabeek maskarilarekin egon behar dute eskola orduetan. Protokoloaren azken egokitzapenak, kanpo espazioetan, 1,5m-ko distantzia mantenduz eta bizikidetza taldea izanik, maskarila gabe egoteko aukera ematen du. Protokoloak aukera ematen duen zirrikitu oro erabiltzea eskatu, eta ikastetxearen aldetik ahalegina egin dezatela,  arnas guneak sortu eta hala nahi duen haurrak aukera eduki dezan maskarila kentzeko. 
    • Gorputz hezkuntzako saioetan haur eta nerabeek kirola maskarilarekin egin beharra gehiegizkoa da. Gorputz hezkuntzarako protokoloak, haurrek kirola maskarila gabe egiteko ezartzen dituen baldintzak betetzea lortzeko, berebiziko ahalegina egin beharko litzateke, kirola egiten duten unean, arnasa libreki hartzeko aukera izan dezaten. Protokoloak ezartzen dituen baldintzak betetzeko eskolak behar duen laguntza eskaini dezakegu, elkarlana proposatuz.
    • Hezitzaile bakoitza aske da bere burua egoki ikusten duen maskarilarekin babesteko baina gardenak izatea garrantzitsua iruditzen zaigula adierazi daiteke, batez ere txikienekin eta heziketa premia berezia duten haurrekin jarduten dutenentzat.  

 

  • GURASOEN PARTE HARTZEA: Protokoloak dioenez gurasoak/familiak ikastetxeetatik kanporatuak izan gara. Hala ere, ikastetxeko espazioetan sartu ezinak ez du esan nahi, gurasook ikastetxearekin elkarlanik egin ezin dugunik.
    • Herrian dauden kanpo espazioen erabilera ikastetxeen zerbitzura jartzeko egin beharreko eskaerak egiten laguntzeko prest dauden gurasoak kontutan hartzea.
    • Kanpo espazioetara haurrak ateratzeko orduan, beti ere dozente baten ardurapean, prest dauden gurasoak kontutan hartzea ateraldi hoiek seguruagoak izan daitezen eta irakasleak lankarga soilik beregain hartu ez dezan.
    • Txangoak burutu ahal izateko prest dauden gurasoak kontutan hartu.

 

  • AISLAMENDU GELA: Eskolan gaixotzen diren haurrak momentu oro akonpainatuak egon daitezela eskatu daiteke, eta haien intimitatea gordetzea, familiak bila etorri arte.

 

  • TENPERATURA HARTZEA: Tenperatura gurasook etxean hartzeko ardura izan dezakegu eta ikastetxeei familiengan konfidantza izateko proposamena luzatu dakieke. Hala ere ikastetxean tenperatura hartzearen erabakia aldatuko ez balitz, modu natural eta goxoan egitea eskatu dezakegu. Irudi gogorra egiten da haurrak lerroan eta buruan tenperatura hartzearen momentua. Gelan sartu ostean hartzea proposatzea posible da, lasaitasunez, galdetuz eta  buruan edo eskumuturrean hartzeko aukera emanda. 

 

  • GEL HIDROALKOHOLIKOA Eskuak garbitzearen garrantzia onartzen dugu, eta COVID testuinguru honetatik kanpora ere jarrera osasuntsua da eskuak garbitzearena baina ura eta txaboiaz. Gel hidroalkoholikoak nahi duten familiek erabiltzeko aukera kendu gabe, produktu horren toxizidadeak eta maiztasun handiarekin erabiltzeak ekar ditzakeen ondorioek kezkatuta gaudenon seme alabek, ura eta txaboiaz garbitzeko aukera izan dezatela eskatzea posible da. 

Protokoloa kontutan hartuta, irakasle zein familiok egin ditzakegun eskaera edo iradokizunak zerrendatu ditugu, momentu honetan, gure haurrei eskolako egunerokotasuna zertxobait xamurtzen laguntzeko asmoz.

Hala ere, HaurrakEreBaitik argi utzi nahi dugu, gure nahia, gobernuak inposatutako protokolo horren abolizioa dela. 

Politikariei eskatzen diegu, agintari izateari utzi eta arduradun izaten hasteko.  Ardurak har ditzatela eta hezkuntz komunitateari ere dagokion ardura hartzeko aukera eman diezaiotela, eskolara buelta adostua izan dadin.

Aski da! Babestu ditzagun mindu gabe. Utzi Haurrak Pakean!

DOKUMENTUA DESKARGATU NAHI BADUZU, SAKATU IRUDIAN